XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ZENBAIT PUNTUTXO LEIZARRAGAREN HIZKERAZ

Donostia, 1992.12.18

Patxi Altuna

Itsaso handiegia da Leizarragaren hizkera ni honen denbora eta txosten laburrean haren uretan murgildu ahal izateko.

Testamentu Berriaren itzulpena Juana de Albret Erreginak eskaturik egin zuen, jakina denez, eta argitara ematean gutun bat ezarri zuen liburuaren hasieran itzulpena Erreginari eskainiz.

Gutun hori eta liburuan horri darraizkion Adbertimendua eta Somarioa izeneko beste bi idaztiak hartuko ditut soilik aztergai.

Joan diren azken hilabeteetan agertu behar izan diet berriro Beraskoitzeko idazlea ikasleei eta lehen ez bezala begitan jo nauten puntu batzuk azalduko ditut hemen.

1. Izan bedi guzietan lehena hasieran bertan zeren menderagailuak abiaraziriko kausazko perpausaren ondoan ezartzen duen - merezi onez arintasunez akusa ahal neinde - perpaus nagusi horretako adizki laguntzailea, neinde alegia.

Zein da adizki horren jatorria?

Etxeparek nainde aldaera darabil hiru bider - Ezin damna naindeiela zinesten dut segurki, 11,121; Duda gabe eror nainde han berian hilhotza, V 20, Iamas zurekila enainde enoia (X,8) - eta Oihenartek nainte - Zur' oldez ehun / bat enaint' ehun / urtez behin zurekila.

Esan gabe doa euskara batuan ninteke dioguna dela, gure -ke gabe hiru forma zaharretan.

Aztergai dudan adizkia laguntzaile iragangaitza denez gero, ez ditut hemen iragankorrak ahotan hartuko eta iragangaitzetara mugatuko naiz soilik.

Indikatiboaren ahalerako adizki zaharrak, nizate, ninzate, ninzaten euskara batuan naizateke, nintzateke, nintzatekeen direnak nondik eta nola sortu ziren gauza jakina da: niz eta ninzan izan zituzten sorburu.

Hainbatekin ez dirudi itxuragabe pentsatzeak orain aztertzen ari garen beste ahalerak eta bere kideek subjuntiboko nadin, nandin hau baita antzineko forma, eta ez nendin, izan zituztela apika abiapuntu, eta gauzatu bide zirela subjuntiboarena den -n kenduz eta ahaleraren -te berretuz.